XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mendekuaren ordu goxoa iritsi zitzaidan baina, hala ere, ez zidan ezertarako balio izan, gaueko parrandaren erruz hain porru eginda egongo zirelako non begirik irekitzeko ere ez baitzuten indarrik izango.

Uraren txorrupean nire burua berraurkitu nahian nengoen telefonoaren txirrina joka iruditu zitzaidanean.

Txorrota itxi eta adi gelditu nintzen.

Bai, hala zen, telefonoa joka zegoen. Lehenengo erreakzioa beldurrezkoa izan zen: aireportukoak ziren berri gehiagorekin.

Laster batean hartu nuen esku-oihala erantzungailua martxan jartzen entzun nuen bitartean: Ez gaude etxean. Utzi mandatua seinalearen ostean. Piiiiiip.

Iñakik konektatuko zuen euren hartzen loa ezerk hauts ez zezan. Erabat blai eta ahal nuen bezala estalita komunetik ateratzen nenbilen bitartean, amaren ahotsa, samur eta urrutia, entzun nuen mezua uzten: Egunon neska-mutilok, zer moduz zaudete? Sandrari deitzen diot deitu egin zuela esan zidatelako hotelean. Mertxe ondo iritsi dela esateko izango dela imajinatzen dut....

Kontu hauek film txarretan soilik gertatzen zirela uste nuen baina hau benetakoa da: aparailua hartzeko goitik behera busti-busti eginda presaka nindoala, ni neu sortzen ari nintzen ur-putzu batean labaindu eta lurreko harlauzen kontra kristoren larrukoa hartu nuen eta, gainera, gogor samar daude.

Jaikitzen ahalegintzen ari nintzen bitartean, amak mezuarekin jarraitzen zuen: ... eta Sandrak asko ikasten duela.